Arrasate: PR - GI 106

ARRASATE-ARANTZAZU. Erromesbidea. (PR-Gi 106)


ARRASATE-ARANTZAZU. Erromesbidea. (PR-Gi 106)
Iraupena: 5 ordu
Distantzia: 16 km
Deskargak: PR-Gi106.gpx PR-Gi106.kml

 

 

 

MIDE: PR-Gi_106.pdf

Arantzazuko Santutegira joateko Arrasateko erromesek, irailaren bigarren igandean goizean goiz irten eta goiz erdirako bertara ailegatzeko bide hau erabiltzen dute. Aretxabaleta eta Eskoriatzako erromesek, behin Urkuluko urtegira helduta, bide bera jarraitzen dute.

 

onati2_11 

 

 

 

 

 

 

 

 

H.- Arrasateko erdigunetik abiatzen da ibilbidea, Zerrajera kaletik, aintzinako Bedoñako bidea hasten zen tokitik. Seinaleak jarraituz, gaur egun Bedoñako errepidearekin egingo dugu topo. Hemen, errepidea gurutzatu, lantegiaren albotik jarraitu. Berehala, ezkerreko bidea hartu.


a.- Bedoña elizatea.
Aldapan gora Bedoñara ailegatuko gara, bidegurutzean eskuin aldera egin eta berehala Uriguen baserria dago. Ezkerraldean Santa Eulalia parrokia dago. Iturriaga baserriaren albotik Aretxabaletako Larrino elizaterako mendi bidea jarraituko dugu, Larrino elizateko Gi-4132 errepidearekin topo egin arte. Hemen PR Gi- 97arekin elkartuko da.

b.- Larrino elizatea. Errepide hau jarraituz Larrino elizateko San Kristobal parrokia aurkituko dugu. Inguru honetako bista apartaz goza daiteke; Korueta, Aozaratza eta Areantzako elizateak, Kurtzebarri, Hiruhaitz, Orkatzategi mendiak. Errepidez, Leixalde, Intsusia eta Zuatzu baserrien albotik Urkulu urtegira iritsiko gara. Une honetan, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Arrasateko erromesbideak elkartzen dira.

c.- Urkulu urtegia. Urtegia inguratzen duen bidea hartu ezkerraldera eta hau jarraituz, presa gainetik igota, berehala aldapa gogor eta luze bati helduko diogu.

d.-Urruxola elizatea. Pinudietan gora Urruxola Garaiko mendateraino iritsiko gara. Hemen 1400 aldera oñatiarren eta leintztarren arteko gudu ospetsua izan zen. Bidean aurrera, laster batean, Urruxola auzoko goieneko partean Garaikua, Antxitena eta Estañukua baserriek osatzen duten etxe-multzoa dago. Urruxolako Andre Mariaren parrokiara iritsi, eta bertan, Olateraino doazen porlanezko eskailerak hasten dira, baina guk Barrenetxe pareraino bakarrik erabiliko dugu. Paraje honetan, Jaturabetik datorren kanalari jarraituko diogu, Jaturabeko makinetxe txikira ailegatu arte. Araotzerako errepidera iritsi ahala, ezkerretara eta beherantz hartu, zubiaz bestaldera iragan eta Arrikrutzeko benta zaharreko bideari ekin beharko dio ibiltariak, hau da PR Gi 103aren ibilbide bera.

Arrikrutzeko baserri-multzoa alde batera utzi eta gorantz Arantzazuko galtzadari helduko diogu. Apur bat igo ondoren, Kortakogaineko bidegurutzean izango gara. Galtzada zaharra jarraituz, Kortakogain eta Gesaltza baserrien bitartetik Soroandietaraino; baserri honetatik aurrera Zapiarbe gainditu eta Zelaizabal jatetxea baino zerbait gorago errepide nagusia gurutzatuko da. Errepidez bestaldetik gora eginez jarraitu, berehala Santo Kristoren ermita begiztatzen da, ondoren Arantzazuko Santutegira ailegatzeko.

Interesguneak:

1. Bedoña elizatea
Inguru honetatik Udalatx, Anboto eta Aloña aldeko bista dotoreak ditugu. Erdigunean, Santa Eulalia parrokian, leiho erromanikoa eta barnekaldeko zurezko gangadurak nabarmendu daitezke. Alboan, Mendibitzu baserrian jaio zen Juan Arana Ezpeleta “Loramendi” olerkari lirikoaren oroitagarria dago.

2. Larrino elizatea
Urkulu urtegiaren goikaldean dago. Hamasei baserri ditu eta elizate honen erdigunean San Kristobal parrokia dago. Hiru aldare ditu, erdian San Kristobalena. Aipatzekoa da sakristian dagoen Errosarioko Ama Birjina. Bestalde, ezin da ahaztu bere kokapena eta inguruko paisaia; Urkulu urtegia eta Kurtzebarri, Udalatx, Hiruhaitz, Orkatzategi, Aloña...

3. Urkulu urtegia
Urtegi honek paisaia ederrak eskeintzen ditu. Kirol desberdinak, nahiz oinez ibilaldiak egiteko, jende asko hurbiltzen da bertara. Azken urteetan hegaztien naturgune paregabea bihurtu da, Gipuzkoako garrantzitsuenetarikoa.

4. Urruxola elizatea
Garaikua baserrian bainuetxea egon zen XIX.mendearen bigarren erdialdean eta XX.aren hasieran baserri atzeko iturriak isurtzen dituen uretsak (ur sulfurosoak) aprobetxatuz. Oraindik jarduera horren aztarna batzuk gelditzen dira. Urruxolako Andre Mariaren parrokiak zurezko gangadura dauka sapaian eta, horretaz gain, irudi, margolan eta bestelako elementu aipagarriak ere baditu.

 

onati2_215. Arrikrutz
Galtzada zaharren arteko bidegurutzea, bertan baserri-multzo historikoa eta benta-lekua daude. Paraje honetan zabalduko da, laster, Arrikrutzeko kobazulo txundigarria bisitatzeko sarrera.

6. Arantzazuko Santutegia

Gipuzkoako gune espiritual garrantzitsuena bihurtu den Arantzazuko Santutegia euskal arte garaikidearen adierazgarririk esanguratsuena da. Sainz de Oiza eta Laorgak eraikitako basilikaren irudi garaian, fatxadan Jorge Oteizaren Pietatearen irudia eta bere oinarrian apostoluak daude. Barnekaldean, Lucio Muñozen erretaula nabarmentzen da.

Inguruko beste aukera batzuk:

PR-GI 96; Erregebide-Bedoña.
PR-GI 97; Oro-Larrino-Urkulu Urtegia-Aozaratza.
PR-GI 103: Arrikurtz.
PR-GI 104: Kortakogain.
PR-GI 105: Arantzazu.

Informazio gehiago:

 

h1smzz47
ARRASATE-ARANTZAZU. Erromesbidea PR– Gi 106

AddThis Social Bookmark Button