Ondarea
Erdi Aroa
XIII eta XIV. mendeen artean, Gaztelako erregeek lau hiribildu sortu zituzten gure eskualdean: Arrasate, Bergara, Leintz-Gatzaga eta Elgeta. Hiribildu berri hauek Gaztelatik kostalderantz zioan komertzio bidea ziurtatu eta leinuen indarrari aurre egiten lagundu zioten Erregeari.
Sortu ziren unetik, udalerri hauek Erdi Aroko egitura urbanistikoa garatu zuten: hesien eraikuntza, sarrerak kontrolatzeko ateak, luzetarako kaleak eta kantoi perpendikularrak alde batetik bestera erraztasunez joan ahal izateko.
Gaur egun elementu hauetariko batzuk aurkitzeaz gain, garai hartako eraikin eta bestelakoak ere aurkitu ditzakegu.
Leintz-Gatzagako Erdi Aroko morfologia ez da ia aldatu mendeetan zehar.
Bergara eta Elgetak ere mantentzen dute Erdi Aroko trazadura beraien kaleetan eta, Arrasaten, Santa Barbara gainetik hiriguneko egitura eliptiko perfektua ikusteak harritzen gaitu.

Arrasateko hiribildua 1260an sortu zen eta oraindik ere mantentzen du bere hirigune historikoan Erdi Aroko berezko egitura;
luzetarako hiru kalek osatzen dute: Iturriotz, Erdiko Kale eta Ferrerias Kalea eta bi zeharkako kantoi. Guzti horrek forma eliptikodun multzo hiritarra ematen digu.
Oraintsuko aurkikuntza batzuek jatorrizko harresiaren zati bat bistan utzi dute. Hiribildura sartzeko bost ate zeuden eta horietatik hiru heldu dira gaur egun arte, XVII eta XVIII. mendeetan zuten itxura erakusten dute. Hiru ateen izenak: Zurginkantoi, Kontzezinokoa eta Portaloia. Azkeneko hau Erdiko Kaleko ertz batean dago eta oso garrantzitsua da, bertatik igarotzen baitzen Errege Bidea.
San Juan Bataiatzailearen parrokia da Arrasaten dagoen arkitektura erlijioso gotikoaren eredu bakarra. Hirigune historiko erdian aurkituko dugu. Kanpoaldean aipagarriak ditu kontrahormak, gargolak eta bao zorrotzak. Barnealdean, berriz, beirateek kolore jokoak osatzen dituzte eta, lurretik 17 metrora, gurutze-gangen giltzarriek gotikoko oiko armarri, lora eta gai erlijiosoak irudikatzen dituzte.

"Villanueva de Bergara" hiribildua sortzeko hirigutuna 1268koa da.
Badirudi, garaiko beste hiribilduak bezala, hesi batez inguratuta zegoela, baina ez dira aurkitu hiribilduaren perimetroa zehazteko behar adina aztarna.
Bergarako hirigune historikotik goazela Erdi Aroko egitura ikusiko dugu. Hiru kale nagusik osatzen dute: Barrenkale, Artekale, Errege Bidearekin bat egiten zuena, eta Goenkalea. Hauetaz aparte beste kantoi eta kale-arte ere ikusiko ditugu. Eraikinei begira, beranduagokoak badira ere, batzuk, Erdi Aroko elementu batzuk mantendu dituzte. Honen adibide ditugu Goenkale 2ko arku konopiala duen atea (egun leihoa), Arreseko kantoiko leiho bikiak edo Goenkale 3ko etxabe ikaragarria.
Elgeta

Gaztelako Alfontso XI.ak sortu zuen Elgeta 1335an
Bere sorreraren arrazoia, eskualdeko beste hiribilduena bezala, estrategikoa izan zen. Bere garaiera (462m) eta Bizkaiko mugaren hurbiltasunak funtsezkoak izan ziren bere sorreran.
Elgeta bisitatzerakoan ikusten dugu zein modu erraz eta nolako erregulartasunez sortzen ziren hiribilduak Debagoienean. Hiribildu berriak Erdi Aroko hirigintza morfologiko tipikoetako bat jarraitzen du. Angeluzuzen forma du eta garai batean zituen defentsak galdu egin dira.
Luzetarako kale nagusia eta zeharkako beste kale baten inguruan artikulatzen da Elgetako hirigune historikoa. Kale nagusia San Roke kalea da eta ertz batean, oraindik ere, ikusi daitezke hiribilduko sarrera kontrolatzen zuten ate bietako baten aztarnak.
Leintz Gatzaga

Leintz-Gatzagako bisitak mende batzuk denboran atzera garamatza.
Alfontso XI.a Erregeak 1331. urtean hiribildua sortu zuenerako garrantzi handia zuen Leintz-Gatzagak gatzarekiko jarduerengatik.
Ez dira Gipuzkoa osoan herri asko Leintz-Gatzagak bezala ia aldagabe mantendu dituenik bere itsura bildu eta hesitua eta Erdi Aroko hiri-bilbea.
Bere oina luzetarako kale nagusi baten bidez itxuratuta dago, honen izena, San Inazio Kalea. Beste hiru kale ditu, zeharkakoak eta beraien artean paraleloan. Kale hauetan goazela garai batean hiribilduak zituen zazpi ateetatik gelditzen diren bostak ikusiko ditugu.
San Inazioren ateak, Gaztelako armarria ikusgai duela, eta Rosarioko ateak, izen bereko kalean, erakusten dizkigute hiribilduko gune bitxienak. Beste ateak Barandapea, Pilar eta Santiagokoak ditugu.
Hirigunetik metro batzuetara, txirrindularien zaindaria den Dorletako Amaren Santutegia aurkituko dugu. Hemendik igarotzen ziren Santiagora zihoazen erromesak eta egun ikusten dugun eraikina XVII. mendekoa bada ere, barruko Andramariaren irudia gotikoa da.
XVI. Mendeko Erretaulak
XVI. mendea ohiz kanpoko jarduera izan zuen garaia izan zen, eta mende hartan erretaula munduak bizi izan zuen euforia konstruktiboak bereizten du batik bat. Honek, frantziar artisten etorrera eta Gaztelako eskultore garrantzitsuen parte-hartzea bultzatu zuen.Oñati eta Bergarako multzo hiritarrak nabarmendu egiten dira. Oñatira joan eta ezin bestekoa da San Migel parrokian aurkituko dugun Pietatearen kapera bisitatzea. Handik ez oso urruti, Sancti Spiritu Unibertsitateko kaperan, XVI. mendearen erdialdeko artelana aurkituko dugu; San Migel eta Espiritu Santuari eskainitako erretaula. Bidaurretako Monastegiko elizan lehen errenazimendu garaiko erretaulen beste adibide on bat aurkituko dugu.
Bergaran gomendagarria da San Pedro Parrokia eta han aurkituko dugun XVI. mendeko lehen erdirantz eginiko erretaula nagusia. Dekorazio aberatsa duen erretaula honetan aipagarriak dira duten kalitate eta edertasunagatik, predelako lau Ebanjelisten irudiak.
Gure eskualdeko errenazimenduko eskulturarekin bukatzeko, ikusgarria da Elgetako Jasokunde Amaren Parrokiako Santiagoren erretaula bikaina.
Bergara - SAN PEDRO PARROKIAKO ERRETAULA NAGUSIA

San Pedro parrokian artelan garrantzitsuak aurkituko ditugu, horietako bat aldare nagusiko erretaula dugu.
XVI. mende erdirantz egin zen eta garai hartan hasi zen estilo artistikoan oinarrituta dago, hau da, platereskoa. Bertan motibo klasikoak behin eta berriro errepikatzen dira, gruteskoak, kolomatxoak, balaustradak eta gizon, emakume eta aingeru buruak.Lanaren egitura oso argia da; bost kale bertikal eta hiru gorputz horizontal non Apostolu, Santu eta Kristoren Pasioaren uneak agertzen diren. Erdian, elizari izena ematen dion San Pedroren irudia, eta atikoan Kristo gurutziltzatua.
Erretaularen dekorazio aberatsa ez bezalakoa da eskulturena. Batzuk ez dute estilo berriaren konnotazioak hartu oraindik, baina beste batzuk, bere kalitate handiagatik bereizten dira. Hau da predelako irudi ebanjelisten kasua. San Lukas, San Juan, San Mateo eta San Markos fintasun eta maisutasun handiz eginak dira.
Elgeta - JASOKUNDE AMAREN PARROKIAKO SANTIAGOREN ERRETAULA

XIV. mendea geroztik Santiagoko Bide ofizialari bide alternatiboak garrantzia hartuz joan ziren hiribilduen sorrerari ezker, horregatik aurkitu daitezke gure eskualdean Santiagoren inguruan hainbat aipamen.
Horietako bat Elgetako Jasokunde Amaren Parrokiako Santiagoren Erretaula da.
Gurutzaduran, sakristia ondoan dagoen erretaula 1564an egin zuen Migel Llorentek. Ez da oso handia eta bere altura eta liraintasunagatik bereizten da.
Italiar izaera duen eredu bakarra Gipuzkoan. Frontoi eta zutabe klasikoak egitura osoan errepikatzen dira XVI. mendeko amaierako manierista gustuaz.
Eskulturek ere tratamendu bera jarraitzen dute, irudi luzangak eta postura zurrunak. Santiagoren irudia, lehen gorpuan, erromesaren makila darama eskumako eskuan.
Oñati - SANCTI SPIRITU UNIBERTSITATEKO ERRETAULA

Sancti Spiritu Unibertsitatea Rodrigo Mercado de Zuazola Gotzain oñatiarrak finantzatu zuen.
Gure eskualdean ideia humanistak sartzeaz gain, XVI. mendeko korronte artistikoaren, hau da errenazimenduaren, gauzatzea ekarri zuen.Fatxadako distira eskultorikoa eta gero, unibertsitateko kaperak beste maisulan bat gordetzen du. Pierres Picarti frantziarraren lana dela uste den XVI. mende erditsuko erretaula errenazentista dugu hau.
Estruktura argi eta erregularra, erdiko kalean dauden irudiak dira aipagarri. San Migel dragoiarekin, Espiritu Santuaren etorrera, kaperaren eta unibertsitatearen izen emaileak, eta Mariaren Zeruratzea aingerutxoz inguratuta. Tolestura eta irudien mugimenduak dinamismo handia ematen diote multzoari, manierista estiloari gertu.
Oñati - PIETATEAREN KAPERAKO ERRETAULA

Granadako Errege Kantzilertzako lehendakari eta gero Avilako gotzaina izan zen Rodrigo Mercado de Zuazola oñatiarraren aginduz eraiki zen XVI. mendeko artearen laburpen bezala agertzen den kapera hau.
Lehen errenazimendu garaikoa den bitxi honen multzoa San Migel parrokiako aldare nagusiaren aldameneko kaperan aurkituko dugu. Gotzainaren Marmolezko mausoleoa, burdin hesi platereskoak eta erretaulak osatzen dute. Erretaula Valladolideko Gaspar de Tordesillasen zur-lanketa bikaina da eta bertan ikusten ditugu Jesusen Pasioa eta Mariaren bizitzaren gertakizunak.Erretaula honek ez gaitu sor utziko, artistak candilieriren grutesko, aingeru-buru eta hegodun munstroz osatutako dekorazio delikatuarekin gozarazten gaitu.
Oñati - BIDAURRETA MONASTERIOKO ERRETAULA

XVI. mende hasieran Juan López de Lazarraga eta bere emazte Juana de Ganboa, Frantziskotar Klaratarren Bidaurretako Monasterioa sortu zuten.
Horrela, Gipuzkoako lehen emakume monasterioa eraiki zen eta gainera, beraien hilobiarentzat leku zoragarria sortu zuten.
Elizako aldare nagusia 1533tik 1753ra, badirudi probintziako lehenengo errenazimendu garaiko erretaularekin apainduta egon zen. Oñatiko Juan De Olazaranek egina, egun gurutzaduran ikusi daiteke.
Lehen eta bigarren gorpuetan, arku azpian, itun berri eta zaharreko irudiak erliebean. Erdian, eszena nagusia kalbarioa, Ama birjina, Jaungoikoa eta San Juan. Guztietan nabari da errenazimenduko gustua zapi eta buruak tailatzeko orduan.
Ezin aipatu gabe utzi artistaren trebetasuna predelako apostoluak egiterakoan. Hiruko multzotan banatzen ditu eta apostolu bakoitzak bere atributua darama: San Pedrok, giltza; Santiagok, makulu eta erromes kapela; San Juanek, Kaliza…eta guztien gainetik hegodun aingeru-buruak.
Elizateak
Elizateak XIII. mende inguruan erakunde zibil moduan sortu ziren eta biztanleek elizateen gaineko erabakiak hartzeko gaitasuna zeukaten. Erregeak eliz ataurrea bilera lekua izendatu zuen eta hortik dator, hain zuzen ere, izenaren jatorria. Gaur egun udalerrietan aurkitzen diren nekazal auzoak dira.
Elizateak ezagutzea esperientzia ahaztezina da. Parroki-eliza elementu aipagarriena izan arren, gure nortasunaren islada diren beste aspektu etnografiko, historiko eta artistikoak aurkitzeko parada eskaintzen digute.
Aretxabaletako elizateak gune paregabeetan aurkitzen dira. Bertako elizak zein dorretxe erakargarriak bisitatzea biziki gomendatzen dugu.
Eskoriatzako elizateetan aurkitzen diren eliza, hilerri eta baserriak ezagutzeko aukera paregabea ezin dugu galdu.
Antzuolako Uzarraga elizatean San Juan eliza enblematikoa aurkitzen da.
Arrasateko elizateetan ere zenbait elementu aipagarri aurkitzeko aukera dago. Zeru ikusgarriez margotutako sabaiak dituzten elizak edo monumentu probintziala izendatutako bainuetxe bat, besteak beste.
Oñatik, bere historia konplexuan zehar, Araotz eta Urruxolako elizateak parroki elizarekin batera mantendu ditu, beraz, ezagutzera gonbidatzen zaituztegu.
Antzuola

Gipuzkoako elizate zaharrenetariko bat ezagutzean nahi badugu, Antzuolako Uzarrraga elizatera gerturatzea beharrezkoa daukagu.
Uzagarrako San Juan elizaren lehen aipamenak 1305 urtekoak izan arren, elizaren aztarna zaharrenak XIII. mendekoak dira. San Juan elizaren izendapena tenplarioekin erlazionatu izan da, horregatik, bailarako handiki askok, elizate honetako hilerrian lurperatzea hautatzen zuten.
Elizaren barnean Jeronimo de Larrearen, Antxietaren jarraitzaile zen, XVII. mendeko erretaula dago. Garai berdineko marfilezko gurutzea ere aurkitu dezakegu.
Elizate honen inguruek paisai erakargarrietan murgiltzeko aukera eskaintzen digute. Bide desberdinek, antzinako karobietara, armarriez apaindutako baserrietara, Urrutiarena bezalakoa, eta Santa Ageda ermitara eramango gaituzte.
Aretxabaleta

XIV eta XVII. mendeetan zehar Aretxabaleta elizate bat da eta beste 16 elizateekin batera, Leintz Bailara osatzen du.
Elizateen kopuru handiak kudeaketa arazoak sortu zituen eta, horren ondorioz, 1630ean, guztiak bateratuko zituen bi udalerri eratzeko erabakia hartu zuten: Aretxabaleta eta Eskoriatza. Biak Errege Bidearen ondoan daude, bailara zeharkatzen duen komunikazio ardatz nagusian.
Gaur egun Aretxabaletan 7 elizate daude. Koruetan, Santiago elizaren barnean dagoen XVI. mendeko erretaulan, antzinako Santiago erromesen aipamen zuzena daukagu. Aozaratzan, Otalorako dorretxearen eta San Juan elizako kapera pribatuaren aztarnek, Otalora leinuaren garrantzia begi bistan jartzen dute. Areantzan, Andra Mari elizan, XV. mendeko tailak ikusteko aukera daukagu eta Larrinon, San Kristobal eliza aurkituko dugu.
Isurietako elizatea, San Pedro elizarekin, herritik gertuen dagoen elizatea da. Urrutiago, muino baten gainean, Galartzako elizatea dago. Bertan dauden Santa Lutzia eliza eta XIV. mendeko Galartza dorretxea, erraz nabarmendu daitezke.
Portasol auzotik Arkarazora heltzen gara. San Milixan elizaren kanpandorrea Martin Carrera arkitektoak XVIII. mendean burutu zuen.
Arrasate

Arrasate kontrastez beteriko udalerria da. Errepide nagusietatik aldentzean, nekazal ingurune xarmagarrian aurkitzen diren 5 elizateekin topo egiteko parada dago.
Bedoña, 1966an Arrasateko udalerrira pasatu zen. Santa Eulalia elizak aipagarriak diren zenbait xehetasun ezkutatzen ditu. Kanpoko aldean bi leiho erromaniko ikus daitezke eta, barneko gangetan, izarrez beteriko sabaiaren apainketa bitxia.Garagartzako San Migel elizan, ez ohizkoa den plateresko erretaulaz txundituko gara.
Aramaioko bidean Gesalibar zeharkatuko dugu. Bere izena garai bateko ur sulfurosoko iturrietatik datorkio. Ur hauek gure bailaran zenbait bainuetxe eraikitzea eragin zuten eta, horren lekuko, Santa Agedako bainuetxea geratzen zaigu. Gaur ospitale psikiatrikoa da eta monumentu probintziala izendatuta dago.
Udalan, San Esteban elizak, aztarna erromanikoak ezkutatzen ditu eta bere inguruetan hainbat garbitoki eta beste elementu etnografiko interesgarri aurki daitezke.
Uribarriko elizateak nekazal izaera galdu duen arren, aztarna erromanikoak mantendu dituen Itxaropeneko Santa Maria eliza ikusgarria izaten jarraitzen du.
Meatzerreka auzoa ez da elizate bat, hala ere, bertako San Balerio ermitaraino joatea gomendatzen dugu. Bere lehen aipamenak 1434koak dira, Arrasateko langile elkarte zaharrenaren aztarna aipagarriena da meategietan aritzen ziren langileak bertan elkartzen zirelako.
Eskoriatza

XIV eta XVII. mendeetan zehar Eskoriatza elizate bat da eta, beste 16 elizateekin batera, Leintz Bailara osatzen du.
Elizateen kopuru handiak kudeaketa arazoak sortu zituen eta, horren ondorioz, 1630ean, guztiak bateratuko zituen bi udalerri eratzeko erabakia hartu zuten: Aretxabaleta eta Eskoriatza. Biak Errege Bidearen ondoan daude, bailara zeharkatzen duen komunikazio ardatz nagusian.
Eskoriatzan gaur egun 7 elizate daude eta, guztiak zeharkatzen baditugu, aipagarriak diren elementu asko aurkituko ditugu. Egurrezko sabaiaren estruktura mantendu duten elizekin topo egiteko aukera izango dugu, hala nola: Marineko Santa Lutzia ermita, Bolibarreko San Migel eliza eta Mazmelako Jasokundeko Andra Mariaren eliza. Zarimutzen berriz, erdi aroko aztarnak dituen San Pedro eliza nabarmentzen da.
Apotzagak, aparteko panoramikaz gozatzeko aukera emateaz gain, antzinako euskal hilarrien ohiturari jarraitzen dion hilerri zirkularra bisitatzeko aukera eskaintzen digu. Gaur, monumentu probintziala izendatuta dago.
Mendiolako San Juan Bataiatzailearen eliza ere paisai ederraz inguratuta dago. Oso gertu, Leteko San Andres baselizaren kanpo aldean, erdi aroko bi sarkofago ikus daitezke.
Oñati

Oñatiko udalerria interes historiko eta monumental handiko 15 auzoetan banatuta dago, hala ere, hauen guztien artean 2 elizate besterik ez daude. Bi hauek bisitatzea biziki gomendatzen dugu, batez ere, baserri giroko izaera arnasteko aukera paregabea dagoelako.
Arantzazuko bidean goazela, Araotzeko elizatera eramango gaituen bidegurutzearekin topo egingo dugu. Hirigunetik aldenduta egoteak eraile eta gaizkileen babez leku bilakatu zuen, batez ere, Oinatiko kondearen menpe egon zen bitartean. Agerreko auzunean, Lope de Agirre, Amazonako konkistatzaile polemikoaren jaiotetxea aurkitzen da.
Araotzeko San Migel eliza leku garai batean kokatuta dago. XVI. mendeko eraikuntza honetan aurreko eraikuntza gotikoaren aztarnak eta gurutze ganga imitatzen duen zurezko sabai interesgarria ikusteko aukera izango dugu. Aldare nagusiko erretaula barrokoa Domingo Zumalderen, eskulturagile araotzarraren, XVI. eta XVII. mendeen bitartean egindako irudiekin apaintzen da.
Oso gertu, Urruxolako elizatea dago. Gune hau parroki eliza, abadetxe, eskola eta hilerri batekin osatzen da. Urruxolako Andre Mariaren eliza XVI. mende hasierakoa izan arren, gaur egun ikusten dugun eraikuntza XVII. mendekoa da, barroko klasikoaren adierazle garbia. Hemengo sabaiaren estruktura, Araotzen moduan, egurrezkoa da eta gurutze gangak imitatzen ditu.
XVI. Mendeko Dorretxeak eta Jauregiak
XVI. mendean zehar bizirik dihardu Erdi Aroan jatorria zuten leinu zaharren garrantzia eta beraiekin batera aurkitzen da sozialki nabarmentzen hasten den familia sorta bat.
Errenazimendu garaiko espiritua lekuko eliteentzat etxebizitza eraikitzean bilakatu zen, harreman ugari zegoen erabaki ekonomikoa zuten zentro garrantzitsuekin eta gure eskualdeko biztanle ugarik erregearen idazkari, eskribau edo bestelako lanetan aritu ziren, baina ez zuten inoiz beraien jaioterriarekin lotura galdu.
Dorreek jasan zuten moldaketak garai berrien seinale dira. Izaera militarra galduz joango dira eta beste egoitzazko funtzioa nagusituz joango da, horregatik beren egituran aldaketak izango dira.
Bergarako hirigune historikoan etxe eta dorretxe ugari aurkituko ditugu. Arrasaten, berriz, Artazubiaga eta Andikano-Zelaatarren etxeak.
Leintz-Gatzagan ere jauregi interesgarriak daude, besteak beste, Elexalde jauregia. Eskoriatzan, egun museoa den Ibarraundi jauregia bisitatu dezakegu, eta Aretxabaletan, Otalora eta Galartzako dorretxeak.
Aretxabaleta

Otalora Dorretxea eskualdeko leku ederrenetako batean dago. Urkulurako errepidea igo eta eskumarantz, Aretxabaletako Aozaratzako elizatearen muinoan aurkituko dugu.
Otalora familiak XIV. mendean eraiki zuen bere dorretxea, nahiz eta egun duen jauregi itxura beranduagokoa izan, XVI. mendean egindako eraldaketen ondorio.
Fatxada nagusian detaile apaingarri interesgarriak daude. Ezkerraldean, moldura, buru eta errosetekin apaindutako balkoia; eskuinaldean, beren zerbitzuagatik erregeak emandako inperioko armarria eta erdian, familiaren armarri barrokoa. Eta guztiaren honen gainetik irudi geometrikoekin aberaski apaindutako teilatu-hegala.
Merezi du, bertan gaudela, eraikina inguratzea ezkerreko aldean dagoen leiho saietera hilera bat eta honen gaineko egurrezko ibilgua ikusi ahal izateko.
Ibarraren kontrako hegalean, Galartzako elizatean aurkituko dugu dorretxe dotoreenetariko bat; Galartzako Dorretxea. XIV. mendean eraiki zen eta ondoren egin ziren eraldaketek ez diote jatorrian zuen defentsarako izaera aldatu.
Eraberritze lan garrantzitsuena XV. mendean egin zen. Estalkia berritu eta bigarren pisu bat gehitu zitzaion leiho zuzen zabalekin, lehen solairukoekin kontrastean, non ikusten ditugun leihoak txikiak diren.
Arrasate

Oñatiko Kondea indartsu jarraitzen zuen XVI. mendean. Familia batzuk ez dute bere menpe bizi nahi eta nahiago dute beraien leinuaren sinbolo den dorretxeei sua eman kondearen eskuaz administratu baino.
Hau da Artazubiagako Bañeztarren kasua; XVI. mende hasieran beraien etxea utzi eta hiribilduan eraiki zuten beraien egoitza, Arrasateko Iturriotz kaleko Bañez-Artazubiaga Jauregia.
Eraikin honek bere edertasuna mendeetan mantentzea lortu du, nahiz eta egun jatorrizko eraikinaren fatxada nagusia baino ez mantendu. Bertan aurkituko ditugu garai honetan tipikoak ziren elementu klasikoak, adibidez, sarrerari dotorezia ematen dioten kolomatxoak eta fintasunez landutako taulamenduak.
Aipagarria da lehen solairuko balkoiaren gaineko armarria. Bertan azaltzen da nola, beraien leinuaren askatasunagatik familiaren dorretxea erre zuten.
Beste Andikano-Zelaa familiak ere eraiki zuen bere jauregia hirigune historikoan. Harlanduzko eraikina da eta herreriano estilokoa. Fatxadan bi armarri handi ezkutatzen dira egurrezko galeria barruan. Beranduagokoa da, neogotikoa, eta dudarik gabe Udaletxeko enparantza edertzen laguntzen du.
Bergara

XVI. mendea bake garaia zen eta Bergararentzat oso oparoa. Goraldi ekonomikoak garaiko ezaugarri artistikoak erakusten dizkiguten eraikin ugari jasotzea eragin zuen.
Hirigune inguruan Gabiria, Ozaeta, Ondartza eta Olaso Dorretxeak eraiki ziren. Eraikin hauek bere izaera militarra galdu zuten baina oraindik ere mantendu zituzten arkitektura militarraren detaile tipiko batzuk, adibidez, kanpoaldean ikus daitezkeen pinakuluan amaitzen diren garitoiak.
Bestalde, Arrese eta Azkarate-Marutegi jauregietan gustu errenazentista sartuz joan zen. Biak edertu ziren izkina-balkoi banarekin; Gainera, Azkarate-Marutegi jauregia, San Pedro kaleko fatxadan, XVI. mendearen lehen erdiko Alemaniatik ekarritako berogailu batetik hartutako 53 zeramikazko plakekin apaindu zen.
Udaletxetik gertu aurkituko dugun Jauregi Etxea oso interesgarria da. 1500. urteko bere fatxadako behe-erliebean errege-erreginak zetro eta guzti eta bestelako gorte eta ehiza eszenak miretsi daitezke.
Barrenkale kaleko Aroztegi Jauregiko ate nagusia apaintzen duen tailak plateresko detaileak ditu, egun atea jauregi barruan gordeta dago. Azkenik, Egino-Mallea Jauregia, 1585a inguruan eraikia, gainjarritako elementu arkitektoniko ezberdin aurkezten ditu, manierista gustuaren adierazgarri.
Eskoriatza

Errege Bidea eta errekatik gertu egoteak erakargarri egiten zuen lekua etxebizitza berriak eraikitzeko. Horrela, Galartzako Jauna eta Diaz Ayalatar Teresa senar-emazteak Eskoriatzako Ibarraundi orubean eraiki zuten beraien egoitza.
Egun ikusten dugun Ibarraundi Jauregia hainbat moldaketa arkitektonikoren emaitza da. XV eta XVI. mende bitartean eraikia, denborak utzitako aztarna ezberdinak ezkutatzen ditu bere barnealdean.
Mendebaldeko hegala da jauregiko alde zaharrena. Bertan dago dorretxearen jatorrizko sarrera; eskailera gutxi batzuk eta arku zorrozdun baoa. ikus-entzunezko gelan beste bao bat aurkituko dugu, honako hau luze eta estua, ondorengo garai ezberdinetan zabalduz joan direnak eta eraikinari jauregi itxura ematen dioten leiho handiekin kontrastean dago.
Egun museo bat dago bertan; Ibarraundi Museoa, hain zuzen ere eta gure eskualdeko etnografia, historiaurre eta historiari buruzko gauzak daude erakusgai.
Leintz Gatzaga

Oñatiko Kondeak 1494. urteraino luzatu zuen bere jabetza Leintz-Gatzagan, gatzaren etekin ekonomikoez baliatzeko. Urte hau eta gero bake eta askatasun garai bata hasi zen, eta orduan hasi ziren leinuak edertasun handiko jauregi eta oinetxeak eraikitzen.
Santiagoko atea zeharkatu baino lehen, burdinazko hesia duen horma batez inguratuta, Leintz-Gatzagako leinu zaharrenetako baten jauregia dago; Elexalde Etxea.
XVI. mendean eraikia, Oñatiko Kondearen gaztelua zegoen lekuan jasota, bere fatxada ikusgarria da. Xumea baina oso ederra, plateresko garaiko elementu apaingarri tipikoak baititu.
Sarreran, errosetekin apaindutako dobelak dituen erdi puntuko arkua dugu. Alde bietara, bi idulkitan zutabe lirainak daude eta sarreraren gainean harrian landutako maskor bat ikusiko dugu. Lehen solairuko balkoi gainean frontoi klasiko bat dago eta honen barruan familiaren armarria ikusten da.
XVII. Mendea
Aurreko mendeko aparteko maila artistikoaren ondoren, XVII. mendea lasaitasunez igaro zen. Noblezia kargu publikoen bitartez aberastu eta jauregiak berritu edo berriak eraiki zituen.
Gehienak harresiz kanpo eraiki ziren, errebaletan, herrien komunikabide nagusiei lotuta. Normalean eraikin hauek nahiko soilak eta apaindura gutxikoak dira, eta hauen ezaugarri nagusiak fatxadak apaintzen dituzten motibo heraldikoak, teilatu-hegal artistikoak eta balkoi eta leihoetako burdinsareak dira.
Arrasaten era honetako eraikinen bi eredu daude; Monterron eta Okendo jauregiak.
Leintz-Gatzagako hirigune erdian izkina-armarri ikusgarria duen Garro Jauregia aurkituko dugu.
Bergaran berriz, udaletxeaz gain, San Pedro parrokian barroko estiloko beste bi adierazle aurkituko ditugu, Juan de Mesaren Hilzorizko Kristoa eta napolitar eskolako “Artzainen gurtzea” oihala.
Arrasate

Garai honetan Arrasaten bizi zen bakea eta ekonomi oparotasunak industria eta hiri garapena ahalbidetu zuen.
Familia garrantzitsuenak oraindik ere jauregi handiak eraikitzen dituzte beraien egoitzak egiteko.
Monterron Jauregia Zarugaldeko errebal hasieran dago. Estilo barroko herrerianoan; ia apaindura gabeko egitura laukia. Fatxada nagusiko Andikanko-Zelaa eta Aranguren–Unzuetarren bi armarriak eta burdin landuzko balkoiak dira aipagarriak.
Eraikin hau oso garrantzitsua izan da, duen izaera monumentalagatik eta Arrasate bisitatzera zetozen pertsonai garrantzitsu ugari bertan egon zelako; besteak beste, Felipe V eta Maria Kristina erregina egon ziren.
Beste errebal batean, Maalakoan, Okendoko Jauregi garaia dago. Harlanduzko fatxada nagusiko Barrutia familiaren armarri barroko handia da aipagarriena.
Bergara

XVII. mendean Bergara da oraindik ere gure eskualdeko produkzio artistikoan nagusi, bai eraikin kopuruan zein hauen garrantziagatik.
Udaletxea, Lukas de Longa arkitekto gipuzkoarrak XVII. mende amaieran egindako proiektua da lanik esanguratsuena. Gipuzkoako udaletxeen oiko egitura jarraitzen du; fatxada nagusian arkupea, lehen solairuan ekitaldi instituzionalentzat balkoi jarraitua, eta armarriak.
San Pedro parrokian, Sevillako barroko eskolako eskultura ikusgarri bat dago. Juan de Mesak Hilzorizko Kristoa egin zuen 1622an Juan Perez Irazabalen enkarguz. Gorputza tratatzeko era eta aurpegiaren espresioa maisulan bikainak dira.
Eskumako paretan Artzainen gurtzearen oihala aurkituko dugu. argiaren tratamendua oso interesgarria du. Argia gradualki banatzen da argi-ilunen efektuari esker, Jesusen iruditik gainontzeko pertsonaiei.
Leintz Gatzaga

XVII. mendean zehar, hirigunea gradualki garatu zen. Leintz-Gatzaga garrantzia hartuz doa eta Felipe III edo Austriako Don Juan bezalako pertsonaia garrantzitsuak hemendik pasa izateak, hiribildua zeharkatzen duen Errege-bidea hobetzea ahalbidetu zuen.
Barroko estiloa Leintz-Gatzagako hainbat eraikin ezberdinetan ikusi daiteke, baina gehienak XVIII. Mendekoak. Garroko Jauregia da XVII. mendeko eraikin gutxietariko bat.
Santiago eta San Ignazio kaleen artean dago, San Millan parrokia parean. Bere egitura sinplea da, karratua, baina landutako egurrezko teilatu-hegala aipagarria da. Fatxadetan ederki landutako burdin hesia duten balkoi handiak ditu.
Lehen eta bigarren solairuen arteko izkina–armarria aipagarria da. Garro familiarena da eta bere leinuaren armak ageri dira; lis-lore gurutzea oinez doan otsoarekin. Apaindura tendentzia berri baten aurrean gaude, zeren eta eraikuntzen ohizko apainketa frontalarekin apurtzen du.
XVIII. Mendea
XVIII. mendean zehar Debagoiena artelan garrantzitsuen adierazle bilakatu zen. Nahiz eta egoera ekonomikoa oso ona ez izan, barnealdeko eta probintziaz kanpoko artisten lanak eskatzen dira. Azken zaharberritze lanei esker, egun bere xarma guztiarekin miretsi daitezke.
Carrera arkitektoek eskualdeko udalerri ia guztietan egin zuten lana. Hainbat kanpandorre, jauregi eta Oñatin eta Arrasaten udaletxeak egin zituzten. Gainera, Oñatiko elizan, garai honetako bi erretaula zoragarri ikusi daitezke; San Migel Parrokiako aldare nagusiko erretaula eta Bidaurretako Monasterioko elizako Koroapenaren erretaula.
Migel Irazusta eta Salvador Carmona bezalako artisten elkarlanaren emaitza dugu XVIII. mendeko erretaularik ikaragarrienetako bat; Bergarako Oxirondoko Santa Marinako aldare nagusiko erretaula.
Antzuolan berriz, Herriko Plaza da interesgarria, estilo barrokoan Udaletxearen inguruan eraiki zena. Bisitatu beharreko beste bitxikeri bat aurkituko dugu Zumarragara doan bidean; Kalbarioko gurutzeak.
Antzuola

Antzuolako gune monumental garrantzitsuena Herriko Plazan aurkituko dugu. Egitura aldetik, garai hartako enparantza nagusi gehienen egitura azaltzen du, gune berean kokatuz parrokia eliza, udaletxea eta armarridun etxe edo jauregiak.
Udaletxeak XVII. eta XVIII. mendeetako Gipuzkoako udaletxeen eskema jarraitzen du. Migel Salazarrek diseinatu zuen 1743an. Hiru arkudun arkupea du beheko gorputzean, balkoi jarraitua solairu nagusian eta herriko armarri handia fatxadan. Armarria benetan ikusgarria da eta bertan ikusi daitezke Valdejunkerako batailan lortutako ilargi erdiak, urtero, uztaileko hirugarren astean Mairuaren Alardean gogoratzen dena.
Zumarragara doan bidearen ondoan Kalbarioko Gurutzeak aurkituko ditugu. XVIII. mendeko hiru gurutze dira. Erdikoa da aipagarriena dituen pasioaren inguruko irudiengatik. Garai batean hona ekartzen ziren umeak ibiltzen ikastera.
Arrasate

XVIII. mendeko dokumentu batzuk gune garatu bezala deskribatzen dute Arrasate. Harresiak inguratzen dituen ondo egindako hiru kale ditu, hiru komentu, pasealeku ederrak, bost errebal eta erdigunetik aldenduta zeuden hiru auzo. 1700 biztanle zituen eta 286 etxe.
Oparotasuna eta garapen ekonomiko nagusi ziren mende batzuk eta gero, XVIII. mendean hiribilduko burdinola gehien amaiera eta gainbehera heldu zen. Hala ere, garrantzi handiko lana egin zen; Udaletxea.
Martin de Carrera arkitektoaren lana, 1755 urtekoa. San Juan Bataiatzailearen parrokiaren parean dago eta ondorioz, XVIII. mendeko barrokoko oiko enparantza sortu zen.
Bere kareharrizko harlanduzko fatxada da interesgarriena. Bost arku karpaneldun arkupea du, balkoik solairu nagusian eta, amaitzeko, frontoi bat teilatu-hegalaren linea apurtzen duen armarriarekin.
Eraikina soila bada ere, baditu baoen inguruan zenbait elementu apaingarri; mende amaieran nagusi zen frantses rokoko estiloan oinarritutako moldurak, hegodun-puttiak, kiribildura eta arrokaia. Elementu hauek Oñatiko Udaletxean errepikatzen dira.
Bergara

Bergarako XVIII. mendea Peñafloridako kondeari eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen aginduz sortu zen Erret Mintegiari lotuta doa.
Ideia ilustratuen korronteak, Bergara hezkuntza eta ikerketa zientifikoaren esparruan XVIII. mendeko Europako zentro garrantzitsuenetako bilakatu zuen.
Hala ere, manifestazio artistiko garrantzitsuena Santa Marina de Oxirondoko Parrokian aurkituk dugu. XVI. mendeko eraikin honen barnealdea leku baketsua da, Santa Marinaren erretaula nagusiak duen handitasuna eta mugimenduak hautsia.
Monumentu izendatuta dago. Arkitektura lana Migel de Irazusta arkitektoarena da, 1739tik 1742ra bitartekoa. Polikromatua ez dagoenez, barroko eta rokoko detaileak perspektiba berri batetik erakusten digu.
Erdiko eta aldeetako erretaulak apaintzen dituzten irudiak Luis Salvador Armonaren lanak dira, Madrileko eskolako maisu izan zena. Fintasun handia dute eta detaile delikatuek arintasuna ematen diote lan osoari. Erdiko nitxoan Santa Mariaren irudia aipagarria da, aldamenetako kaleetan San Aldon eta San Senen dituela. Atikoan Salbatzailea irudikatuta dago eta alde-bietara lau bertuteen irudiak.
Oñati

XVIII. mendean Oñatin aurreko mendeetan bezala artelan ugari jasoko ditu. Honen adibide ikusteko Udaletxea eta udalerriko bi eliza garrantzitsuenen erretaulak ikustera gerturatu baino ez dago.
Oñatiko San Migel parrokian, aldare nagusiko San Migelen erretaula da aipagarriena. 1714 eta 1717 bitartean egin zuen Juan Bautista de Susok barroko churriguero estiloko erretaula. Arkitektura aldea polikromatua dago eta osotasunari mugimendua ematen dioten hainbat koloma salomoniko bereizten dira.
Bidaurretako Monasterioko elizako aldare nagusiko Koroapenaren erretaula XVIII. mendean egin zen eta aurretik zegoen XVI. mendeko erretaula baten ordez jarri zen. Erretaula berria hunkigarria da. Arkitektura estilo barroko-rokokoak eta Jose Sierrari egozten dizkioten eskulturen kalitate onagatik.
Garai honetako arkitektura eredu moduan Oñatiko udaletxea aipatuko dugu. Martin Carrerak egin zuen 1764an orduko udaletxeen egitura jarraituz, baina fatxada edertuko duten rokoko estiloko detaile finez apainduta.






Ondarea







